XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldizkarien lerroan hautematen dituzu La Vie Intellectuelle, Esprit, Etudes, Etudes Carmélitaines ezagunen zenbaki solte franko.

Adierazgarri zaizkigu F. de Lamenais eta Marc Sangnier batzuen biografien ondoan, Raymond Saint-Jean Uztaritzeko ikasle-ohiaren tesia, Blondel-ez idatzia eta Maritain, Mounier, Gilson, Teilhard de Chardin, Tresmontant edo Karl Rahner-en obra sakonenak.

Eta menturaz gure Luhusoar goarda-semeak egundainotik odolean ukan zukeelako, muga guztien gainetik ikuska ibiltzeko tirria Mathieu eta beste irakasle zuhur zenbait lotsatu zituen sukar hura bera; horra hor seinale, Asiako erlijioen historia, Espiritismoaren kritika edo Konjurazioen eta sorginkerien liburua.

Gogoratzen zaigu, bestalde, egundaino unibertsitaterik ezagutu ez zuen gure Lapurdin, eta Uztaritzeko apezgaitegian hain zuzen, udako unibertsitate bat sortzea asmatu zuela, gerla ondoko urteetan, Georges Hahn Tolosako Unibertsitateko irakasleak.

Zer parada ez zuen hor aurkitu Piarres Lafittek, filosofo ezagun asko hurbiletik ikusteko!.

Guhaur oroit gara, horrela entzun geniola, Louis Lavelle handiari, bere azken irakastaldia; hortik egun gutxi barne hil bait zen bapatean.

Piarres Lafittek berak, udako unibertsitate horren karietara zituen ezagutzak egin Euskal Herriak mende honetan izan dituzkeen bi filosofo ospetsuenekin, hots: Juan Zaragueta eta Xabier Zubiri-rekin.

Dena den, Piarres Lafitteren idazlan guztien zerrenda begiztatzen dugunean, bi artikulu ditugu aurkitzen, soil-soilik, filosofi gaiak darabiltzatenak zuzenean.

Biak Zaitegi adiskideak eskaturik idatziak.

Platonen hiru arpegi izena du lehenak eta Platon-eneko atarian deitu bere liburuari jarri zion Zaitegik aitzin-solas.

Ez dira, ez, Aitzin-solasaren 10 orrialde apur horiek, ez luzetasunez ez zabaltasunez liburuaren beraren 300 orrialdeekin erkatzeko on; baina, sakontasunaren eta zehaztasunaren aldetik, erran behar da, Lafitteren solasak ez diola Zaitegirenari zorrik.

Platonen hiru aurpegi bait dira bakarrik aipu (hots: Platonen politika, haren mistika eta haren metafisika), azken puntu hau hartzen dugu adibide: Heidegger-ek Platoni egiten dion kritikari baizik eta aitzineko jakintsuek ez bezala, elkarretarik osoki bereizten zituela Platonek izatea eta agertzea ihardesten dio Lafittek, bere mendeko sofista txoriburuei zitzaiela bakarrik aiher filosofo handia eta ez bere aitzineko jakintsuei.